Euskal Irratia Telebista
EiTB taldea Euskadiko lehenengo komunikazio-taldea da; lau telebista-kate eta bost irrati-instalazio ditu, eta egunero milioi bat herritar baino gehiago izaten ditu ikusle eta entzule. Hurbileko informazioa eta entretenimendua dira nagusi.
TELEBISTA-KATEAK

ETB1
Katearen helburu nagusiak dira informazioa eta euskal herritarren parte hartzea sustatzea eta euskal kultura eta euskara zabaltzea. Euskaraz emititzen dira programa guztiak, eta informazio-programez eta entretenimendu-programez gain, haurrentzako eta gazteentzako programak eta kirol-programak dira nagusi (pilota, saski-baloia, txirrindularitza...).

ETB2
Informazioa ematea da kate honen oinarria, eta, hala, egunero lau orduz baino gehiagoz emititzen ditu gaurkotasunari lotutako gaiak . Eguneroko albistegiak ez ezik, albistegi bereziak eta astekariak ere baditu, alorretan espezializatutakoak. Horrez gain, dibulgazio- eta entretenimendu-programak ere nabarmentzekoak dira. Programazioaren zati handi bat zinemak, ikuskizunek, lehiaketek, dokumentalek eta telesailek betetzen dute.

ETB3
Euskadiko hirugarren kate autonomikoak euskara hutsean eskaintzen du programazio osoa. Kultura eta musika dira eduki nagusiak, batez ere ume eta gazteei zuzenduta. Goizean, umeentzako saioak ematen dira. Arratsaldean eta gauean, berriz, gazteei begira diseinatutako programazioa.

ETB SAT/Euskadi TV
EiTBk ikus-entzule europarrei eskaintzen dien katea da. Programazioan, ETB1 eta ETB2 kateetako edukiak laburtzen dira, eta helburua da Europan bizi direnak informatzea, heztea eta entretenitzea, bai euskaraz, bai gaztelaniaz. Eguneko 24 orduetan emititzen du, etenik gabe, ASTRA satelitearen bidez.

Canal Vasco
Amerikara eta han bizi diren euskaldunengana zuzenduta dago kate hau. Gaztelaniaz emititzen du, eta euskara agertzen denean azpititulutan itzultzen da gaztelaniara. Programazioaren ardatzak hiru dira: albisteak, kirolak eta kultura-aisialdia. Egunero hiru albistegi ditu, eta gaurkotasuneko elkarrizketak eta eztabaidak ditu osagarri. Gainera, filmak, erreportajeak, turismorako eskaintzak eta ibilbideak, magazinak eta kontzertuak eskaintzen dira besteak beste.
IRRATI-INSTALAZIOAK

Euskadi Irratia
Euskadi Irratia 24 orduz euskaraz bizi nahi duen ororentzat egindako irratia da, horrelakorik eskaintzen duen irrati bakarra baita. "Euskadi Irratia, esan eta izan" da irratiaren leloa. Informazioa, askotariko iritziak, konpainia ona eta umorea eskaintzen ditu, eta mota guztietako musika. Egungo euskal gizartearen kezkei eta beharrei erantzuten die, gure sustraiak eta tradizioak ahaztu gabe.

Radio Euskadi
Radio Euskadin informazioa ematen da bereziki; zerbitzu publikoa da, gizarteari irekia eta, hurbil-hurbiletik, konpainia eskaintzen zaio entzuleari eguneko 24 orduetan, hainbat eduki ematen ditu-eta.

Radio Vitoria
Radio Vitorian, informazio politikoa eta ekonomikoa, kirolak, kultura, umorea, aisialdia eta Arabaren ezaugarri diren elementu guztiak dira ardatz nagusi.

Euskadi Gaztea
Ongi etorri EiTBren irrati gaztera. Zu ere gaztea bazara, zatoz! Musika, umorea eta informazio interesgarria eskainiko dizugu. Egunez ez ezik, gauez ere musika nobedade guztiekin batera izango gara zurekin.

Eitb Musica
Musika eta kultura dira ardatz nagusiak, eta horrek egiten du bere programazioa beste irratietatik desberdin. Musikaz gainera, EiTB Irratiak konferentziak, eztabaidak, mahai-inguruak eta jaialdietako programazio bereziak eskaintzen ditu.